
Gaurtik aurrera informazio guztia euskaraz zabalduko du Udalak
Anoeta Hizkuntz eskubidea errespetatzea eta elebitasunak sortzen duen lan karga ekiditea dira egitasmo honen helburuak.
erredakzioA
Anoetako Udalak euskararen aldeko neurri berriak hartu ditu Udal zereginetarako. Ondorioz, herritarrei begirako zereginetan aldaketa batzuk izango dira; besteak beste, bandoak, kaleko oharrak, udal argitalpenak eta etxeetarako mezuak euskaraz izango dira. Neurri berrien helburuak elebitasunak sortzen duen lan karga arintzea eta denon hizkuntz eskubideak errespetatzea dira.
Neurri horiek bi faktoreren ondorio dira, nagusiki: Anoetako herritarrengan euskarak geroz eta presentzia handiagoa izatea (eskolan, kalean, lan munduan, merkataritzan...) eta Udalak azken hamarkadan euskararen alde hartutako erabakiek jorratutako bidea.
Herritarrei dagokienez, euskararen erabilera eta ezagutza handituz doaz Anoetan, eta horren adierazgarri dira euskararen kale erabileraren neurketan euskarak gora egitea, seme-alaba guztientzat eskola eredu euskalduna aukeratzea, kultur ekintzetan euskarari lehentasuna ematea, herriko dendetan eta enpresetan euskaraz gero eta toki handiagoa izatea, erakunde publikoetan euskararen aldeko neurriak sustatzea...
Anoetako Udalak euskararen alde egindako ibilbideari dagokionez, aspaldi hasi zen euskararekiko konpromisoak hartzen: 1999an Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartu zen, 2001ean Euskararen Erabilera Plana onartu zen, urte asko dira diru laguntzak bideratzen dituela euskara ikasten ari diren herritarrentzat...
Horregatik guztiagatik, euskararen alde beste aurrerapauso bat eman nahian, Udal zereginetan euskarari presentzia handiagoa eman nahi dio Anoetako Udalak. Azken batean, Udalaren eta anoetarren izaera euskaldunarekin koherenteagoak izatea nahi da; hau da, euskarak udal zereginetan ere beste esparru batzuetan duen pareko garrantzia izatea.
Neurri berrien ondorioz, herritar batek euskarazko idatzia behar bezala ulertzen ez badu, Anoetako Udalak behar adinako laguntza emango dio: udaletxean, langileek agiriaren gaineko argibideak emango dizkiote, eta, hori nahikoa ez bada, herritarrak beti izango du aukera itzulpena eskatzeko.
Erakusketak
Egutegirako argazki lehiaketako lanak
ANOETA, Abraham Olano kiroldegia - 2008-11-24
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.